Kantatzera nihazu alegera gabe,
Ez baitut probetxurik trixtaturik ere ;
Nehun ebatsi gade, gizonik hil gabe,
Sekulakotz galerak enetako dire.
Mila zortzi ehun’ta hamabortzgarrena
Ni Hazparnen preso hartu nindutena ;
Plumagaineko premu orok dakitena,
Galeretan higatu beharko naizena.
Ala zorigaitzeko premu izaitea !
Harek eman baiteraut betikotz kaltea ;
Aitari galdeginik sortzeko partea,
Galeretan eman nau, hauxe duk dotea !
Ene aita da gizon konsideratua,
Semia galeretan du segurtatua ;
Nun nahi otoitzean belaunikatua,
Saindu iduri debru madarikatua !
Ene lehen kusia, Cadet Bordaxuri,
Fagore bat banuke galdetzeko zuri ;
Ongi adreza zaite ene arrebari,
Ene saltzeko zonbat ukan duen sari ?
Aita aitzinean’ta arreba ondoko,
Osaba burjes hori diru fornitzeko ;
Ez ordian enetzat bi sei liberako,
Galeretan bederen leher egiteko !
Elizan sartzen dire debozionerekin ;
Iduriz badoazila saindu guziekin ;
Beren liburu eta arrosarioekin,
Debruak pesta onik einen du heiekin.
Zortzigarren bertsua anaiarendako ;
Kontseilu bat banikek hiri emaiteko ;
Ontsa goberna hadi, etzaut dolutuko,
Ni baitan etsenplua errex duk hartzeko.
Zuri mintzo nitzaizu, oi aita zilarra !
Ardura dudalarik begian nigarra :
Zure eta ene arraza Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.
Kantu hauk eman ditut Paubeko hirian,
Burdinez kargaturik, oi presondegian ;
Bai eta kopiatu denbora berian,
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.
Hok eman izan ditut, ez xangrinatzeko ;
Ahide, adixkidek, kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita zuretako,
Kantu hok aditzean, semiaz oroitzeko.