Jakintsuen arabera,
Nor berak du berea,
Mundura sortu denean,
Ekarri den zortea
Jainkoak nahi bezala,
Nik maite dut nerea,
Nahiz ez den jenden ustez,
Zorionez betea !
Zaharren erran ederrez
Nola bainaiz oroitzen,
Trebes heldu diren gauzak,
Nik zuzen ditut hartzen
Aitak zautan irakatsi,
Gizon zuhurra baitzen,
Irriz hartuz, zorigaitza
Zorion bilakatzen !
Zoroak, ez duenaren,
Beti du gutizia ;
Atsekabean bizi da,
Nahiz bertzen ongia.
Zuhur gisa nik badakit,
Labur dela bizia,
Irriz nahi dut iragan,
Ahal badut, guzia !
Maite duen zikoitzari,
Nik uzten dut urrea,
Zilarrik ez dudanean,
Aski baitut kobrea ;
Nahiz izan aberatsek,
Bizi-modu hobea,
Ez dute nik baino lehen
Akabatzen urtea.
Mahainean lagunekin
Naizenean jarria,
Naizela zait iduritzen,
Munduko nagusia ;
Gizonik aberatsena
Pobre bat da haundia,
Guk bezala, berak ontzen
Ez badaki bizia !...