Auzoan zer berri den dugun egin kantu
Zonbaiten berriekin nola ez harritu ?
Andrea erori ta senarrak minartu :
Mixelengo Batitak adarrak baditu.
Postako andereaz zer ez da erraiten !
Biziki jakintsuna daukate egiten.
Beharrez balakike eskola emaiten :
Gure letrak hasteko ditu irakurtzen.
Apeza ari zaigu prediku alkitik,
Denak beira gaitezen gormant izaitetik.
Bera nola den bizi jendeak bazakik :
Xardiña utzi eta tira oilaskotik !
Biden arrimatzea hitz eman ondoan,
Gure mera lo dago, bertzerik gogoan.
Berak bide ederra badu alartzean,
Bertzeak goait daudela, zangoak lohian.
Brentsak gure mahatsa zoin ontsa tinkatzen
Ez da jus guti baizik patsean gelditzen :
Perzetura halere brentsari nausitzen,
Gure moltsa guziak osoki tturintzen.
Herriko mutzurdinak ele eta ele,
Mezatik jali ordu, jenden jorratzale :
Nehork ez galdaturik, hain ziren tetele,
Mendakatzen dirade, pika eta bele...
Ez nahiz heien pare guhaur bilakatu,
Hobeko dugu orai ixilik gelditu :
Ez dugu ez gezurrik kantuan sakatu :
Bainan egiak ere mugak behar ditu.