Mila bederatzieun ta lehenengo urtian,
maiatzaren hamalaugarren egunian,
Orioko herriko barraren aurrian,
Balia agertu zan beatzik aldian.
Haundia ba zan ere azkarra ibilian,
bueltaka han zebilen juan da etorrian,
hondarra arrotuaz murgil igerian,
zorriak zeuzkan eta haiek bota nahian.
Ikusi zutenian hala zebilela,
berehala jun ziran traiñeruen bila,
arpoi ta dinamita eta soka bila,
aguro ekartzeko etzan jende hila.
Bost taiñeru juan ziran patroi banarekin,
mutil bizkor bikain guztiz onarekin.
Manuel Olaizola eta Loidirekin,
Uranga, Atxaga ta Manterolarekin.
Baliak egindako salto ta marruak,
ziran izugarri ta ikaratzekuak.
Atzera egin gabe hango arriskuak,
arpoiakin hil zuten han ziran hanguak.
Bost txalupa jiran da erdian balia,
gizonek egin zuten bai nahiko pelia.
Ikusi zutenian hil edo itoa,
legorretikan ba zan biba ta txaloa.
Hamabi metro luze gerria hamar lodi,
buztan pala lau zabal albuetan para bi.
Ezpañetan bizarrak beste ilera bi,
orraziak bezala hain zeuzkan ederki.
Gorputzez zan mila ta berrehun arrua,
beste berreun mingain ta tripa barruak.
Gutxi janez etzegon batere galdua,
tiñako sei pezetan izan zan saldua.
Gertatua jarri det egiaren alde,
hau horrela ez ba da jendiari galde.
Bihotzez pozturikan atsegintsu gaude,
gora oriotarrak esan bildur gabe !!